Miren Amuriza.
BIRA

Jolas bat

2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Jolastuko gara lagunak izaten? Zelan jolasten da, ba? Hara: zerbait hartzeko gera gaitezke, gaurko moduan; nik nire berri emango dizut eta zuk hizketan diharduzun bitartean entzuten ari naizelako plantak egingo ditut eta alderantziz, ulertzen? Bai... Alegia, ezin diogula elkarri moztu baina ez daukagula, adibidez, galderarik-eta egin beharrik. Ados, baina nik geratzeko zail edukiko dut, e? Lasai, ez daukagu aurrez aurre egon beharrik ere; telefonoz egin genezake berba edo, are, WhatsAppetik lantzean audio bat trukatu. Edozein audiok balio du? Bai, mezuaren amaieran laster elkartzeko promesa eginez gero, bai: minutu batera artekoek puntu bat balio dute, hirutik bostera bitartekoek bi eta bostetik gorakoek lau puntu. Eta ez bidaltzeagatik puntuak galtzen dira? Zelan puntuak galdu? Adibidez, zure urtebetetzean zoriontzen ez bazaitut-edo... Modu pribatuan zoriondu ez arren, sare sozialetatik zoriontzen banauzu ez. Ados. Halere, hau ez da galdu-irabaziko jolasa e? Galdu-irabazikoa? Esan gura dut, zenbat eta jende gehiagok eduki gure hartu-emanaren berri, biok irteten garela irabazten! Ados, ados. Ea, atera dezagun selfie bat perfilean ipintzeko! Aizu, argazkia ateratakoan, zera, mesedetxo bat eskatu gura nizuke... Barkatu baina ez nago mesedeetarako. Baina ez al duzu esan lagunak garela? Ez, lagunak izaten jolastuko garela esan dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.