Venezuela. Presidentetzarako hauteskundeak

Eskua luze lekukoari eusteko

Venezuelako presidentegaiek ekitaldi jendetsuak antolatu dituzte hauteskunde kanpainako azken eguneanCaracasko etorbide nagusiak bete dituzte Nicolas Maduroren jarraitzaileek

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Caracas
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
«Zirraragarria da Chavez erraldoiak esatea: 'Ni falta banaiz, zu geldituko zara'. Zirrara eragiten du, baina hemen nago: bere bandera hartu dut, osorik, eta ezin diot huts egin». Nicolas Maduro Venezuelako presidente arduradunak ez daki zergatik hautatu zuen Hugo Chavezek bere ordezkoa izateko, baina hark emandako lekukoari heltzeko gogoz dagoela erakutsi zien atzo Caracasen bildutako milaka jarraitzaileri.

Hamar eguneko hauteskunde kanpainaren azken orduetan, ekitaldi erraldoia antolatu zuen gobernuko PSUV Venezuelako Alderdi Sozialista Batuaren hautagaiak, «marea gorria», Chavezek mugitzen zuenaren gisakoa. Hark bezala, gorriz margotu zituen Caracasko zazpi etorbide nagusiak: «Caracasko hartze handia» deitu zion Madurok berak. Chavezen proiektuko gune esanguratsuenetatik igaro zen azken ekitaldira heldu aurretik: «Urriaren 7an irabazi genuen bezala irabaziko dugu. Hemen nago, Chavezen semea naiz, eta prest nago presidente izateko». Erreferentziarik ez zitzaion falta izan bertaratutakoen emozioak pizteko: atzo 11 urte bete ziren Chavezen aurkako estatu kolpea eman zutenetik, eta Madurok sarri erabili zuen data hori bere hitzaldian.

Lekuko horri berari heldu nahi dio Henrique Capriles oposizioko hautagaiak ere. Urriaren 7an Chavezen aurka galdu izanak ez du eskuindarra beldurtu. Etziko bozetan garaile irteteko aukerak badituela ziur da, Brasilgo hedabide bati atzo esan zionez: «Urrian baino jende gehiago ikusten dut gure alde. Izugarrizko indarra ematen dute». Chavez hil zenetik gauzak asko aldatu direla esan du: «Duela hilabete esango nukeen egoera konplexua zela. Gaur egun, esan dezate igandean irabazi egingo dugula».Kanpainako azken egunean mendebaldean ibili da Capriles, eta Barquisimeto hiria aukeratu du kanpaina amaierako ekitaldirako, Lara estatuan.

Giroa gori kanpainan

Etzi aukeratuko dute Venezuelako hurrengo presidentea; hark Chavezen agintaldia amaituko du 2019ra arte. Giroa aski gaiztotu da hauteskundeen aurreko asteetan. Ez soilik hautagaien artean; mitinetan, ez dira falta izan Madurok eta Caprilesek elkarri buruz esandako gehiegikeriak, baina jarraitzaileen artean ere izan dira istiluak. Asteartean, esaterako, bederatzi pertsona zauritu ziren Merida estatuan Caprilesen hitzaldi baten ostean sortutako borroken ondorioz, eta bi aldeek elkarri egotzi diote gertatutakoaren errua. Unasur Hego Amerikako Herrialdeen Batasunak bozak behatzeko izendatutako misioko buruak igandeko emaitza errespetatzeko eskatu die bi aldeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.