andoni egana
HITZ ETZANAK

Poesia

2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Zer moduz semea edo alaba? Zer moduz gurasoak? Zer moduz anai-arrebak? Eta halako adiskide? Bat ez bada bestea, askotan egiten dizkiguten galderak dira. «Ondo. Poesia irakurtzeko joera handia du» erantzungo bagenu, ez ligukete estreinakoan ulertu ere egingo. Erantzunean tematuko bagina, adarra jotzen ari garela pentsatuko lukete. Osasun egoerari buruz, lan kontuez, harreman pertsonalez galdetu digute. Horiek jotzen ditugu bizitzaren muin. Hortik at erantzuna ezustekoa izango da beti.

Erkidegoan argitaratzen den liburu kopuruak behera egin duela eta, erreportaje bat irakurri dut beste egunkari batean. Liburua paperean ala digitala edo sakelakoaren etorkizunari buruzko gogoeta baino interesgarriagoa iruditu zait Elkar argitaletxeko Joxemari Sorsek bota duen esaldi bat: «Gero eta denbora libre gehiago dugu, baina gure sentsazioa da ez garela denera iristen».

Errealitatearen eta ustearen artean arrakala handia denean, zerbait larria gertatzen ari den seinale izaten da. «Gizon okupatua gauza ederra da». Ederregia. Ez gaitzatela egonean harrapa. Eman dezala ari garela. Txerri-buztanaren antzekoak gara: beti mugimenduan, ezertarako ez bada ere. Eta ezertarako ez omen diren gauzen artean ez da poesia bezain ederrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.