andoni egana
HITZ ETZANAK

Nefertiti

2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Puru bana piztu behar genuela esan zidan eta nik sakelatik nire purutxiki merke eta arrunta atera nuen eta beste bat eskaini nion berari. Utik! Ez erretzeko horrelakorik. Berak zeuzkala munduko pururik onenak. Kajoitik bi atera zituen eta bat luzatu zidan. «DJ. Hauek dira, diren pururik onenak!». Mesfidati begiratuko nion, banekien-eta puru haiek ere arruntak zirela, ez inola ere goi-mailakotzat hartuak. Edozein estankotan eros zitezkeen modu onean. Bihurri, azalpena eman zidan: «Badakizu zergatik diren hauek munduko pururik onenak? Nefertitiren hilobiak duen hezetasun erlatibo berbera dutelako!». Eta nik... ezin asmatu izan nuen zinez hala zen, zinez hala sinesten zuen, edo bat-batean asmaturiko barrabaskeria hutsa baino ez zen.

Isildu egin nintzen. Ez ziren bost minutu matematika lezio bat eman zidala. Kafeari esnerik eranstea nahi zuen galdetuta purrustada batez erantzun zidan. Ezetz. Inola ere ez. 150 urte omen ziren berak esnerik probatzen ez zuela. «Zeri egiten diozu barre? Gure amonak ez zuen edaten. Amak ere ez. Eta ezta nik ere!».

Zergatik ekarri ditudan gaur Jorge Oteitzaren bi pasadizo? 5.746 egun direlako hil zela. Marcel Proustek Denbora galduaren bila idazteko erabili zuen orri kopuru berbera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.