andoni egana
HITZ ETZANAK

Aupa!

2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Sanferminetako entzierroei begira, txikikeria batek eman izan dit atentzioa. Santuaren irudiaren aurrean, hiru aldiz kantatu ohi du abesti bera korrikalari kuadrilla batek. Aldiro, bi buelta letra berari, gazteleraz eta euskaraz. Errepikapen bakoitzaren aurretik, norbait bada «aupa!» oihu egiten duena. Sei «aupa!» guztira. Interesgarria litzateke «aupa!»ren ohitura noiztik datorren jakitea; ikertzea beti pertsona bera den «aupa»laria; zehaztea, falta den egunetarako ordezkorik izendaturik duen edo ez; zein diren «aupa»lari postua lortu ahal izateko mekanismoak…

«Hola»k erdalduntasuna eta «kaixo»kzahar kutsua eransten zigulako, diosalaren arazoa «iepa!» batekin konpondu zuen belaunaldikoak gara gu. Eta ez dut gogoan noiz-nola ikasi genuen. Ez dakit noiz-non-nola sortu zen «aupa hi!» egun purian dabilena. Esanguratsua iruditzen zait, hori bai, «hi»ka nekez aritzen garen sasoiotan lehen hitzean «hi» hain presente egotea.

«Aupa!»k badu zerbait erakargarria. Orioko umeek koloreak hala bereizten omen dituzte: gorria, urdina, berdea, aupaorio… Karlos Argiñanok ere Euskal Encounter jardunaldiak «aupa, koadrila!» baten bidez inauguratu zituen herenegun. Guztiok egiten dugu topo nonbait «aupa!»n. Horri deitzen zaio topikoa…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.