andoni egana
HITZ ETZANAK

Memoria

2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Kondairak ez dira hutsetik sortzen. Askotan, babes premiak sorrarazten ditu kondairak. Defentsa mekanismo bat dira, eraginkor bezain eder.

Limia ibaia ez da luzea. Ehun kilometro pasatxo. Talariño mendietan sortu, eta Ourenseko lurretan sigi-saga ibili ondoren, Portugalgoetan itsasoratzen da, Viana do Castelon. Bere txikian, garrantzi handia izan zuen Limia ibaiak duela hogeita bat mende. Erromatarrak penintsulako lurrak konkistatu nahian zebiltzala ibai harekin egin zuten topo. Ez zen berez lan zaila ibai koxkor hura gurutzatzea. Baina bertako biztanleek kondaira bat zabaldua zuten, defentsa gisara. Limia «ahanzturaren ibaia» zen. Ur haietan sartzen zenak memoria galtzen zuen betirako. Kondairaren indarrak izuturik, planto egin zuten ibaiertzean erromatar soldaduek. Junio Bruto buruzagiak, ordea, ausardia handia erakutsiz, ibaia zeharkatu eta bestaldeko ertzetik oihu egin zien soldadu guztiei banan-banan euren izenez. Bururik galdu ez zuen seinale.

Barakaldok ere zeharkatu du Limia ibaia. Bigarren Mundu Gerran kontzentrazio esparruetan gertatua gogoratzeko, ahanzturaren aurkako borrokan, Gerardo!, Felix!, Juan!, Luis!, Emilio!, Jose Luis!... izen-hotsak entzun ahal izan dira ibaiaren bestaldeko ertzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.