andoni egana
HITZ ETZANAK

Bidaia

2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Duela hirurogeita hamar urtekoak gaurkotasun handia du. Hogeita bat urte zituela, 1950eko Urteberri egunez abiatu zen Ernesto Guevara Argentinan zehar 4.500 kilometroko bidaia bat egitera. Motordun bizikleta batean. Ez didazue esango motordun bizikletarena gaur-gaurkoa ez denik!

Bidaia amaitzean, bere koadernoan honakoa idatzi zuen, egungo kezken aurrendari: «Ez nabil behintzat turistak ibili ohi diren gisan. Ahoa bete hortz geratzen naiz, esaterako, Jujuyko maparen propaganda ikusita. Aberriaren aldarea, aberriaren ikurra bedeinkatu zuten katedrala, pulpito bitxia… Ez. Horrela ez da herri bat ezagutzen. Hori luxuzko azala baino ez du. Bere arima ezagutu nahi baduzu, jo ezazu erietxeetako gaixoengana, komisarietara… edo egin zaitez batetik bestera oinez dabilenaren adiskide». Itzuleran ere oso egungoa den zerbait egin zuen. El Gráfico kirol aldizkariko orri batean bere argazkia azaldu zen, motordun bizikletan zihoala. Marka italiarraren eskea izango zen. «Tinkotasuna eta eraginkortasuna» dio goiburukoak. Eta bidaiariaren hitz batzuk agertzen dira: «Ezin hobeto ibili naiz. Bukaera aldera baino ez du galdu indar apurren bat».

Handik hamazazpi urtera erail zioten azken bidaia, urriaren bederatzi batez. Ordurako Ernesto Che Guevara zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.