andoni egana
HITZ ETZANAK

Tarteko helmugak

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hotz sasoian beroa dugulako maite izango da segur aski. Gaur, esnatu ahala, tarteko helmuga esamoldea katigatu zait garunean. Urtarrilaren bigarren aste honetan zerbaiten falta sumatzen hasia nago, eta txirrindularitzatik datorkigun esamolde horrek beste ezerk baino hobeto adierazten du faltan sumatzen dudan hori.

Nork bere erara, baina uste dut guztiok zatitzen dugula bizi-ibilbidea, tarteko helmugak jartzen dizkiogula, alegia, gure ibiliari. Azken-buruko helmuga baino ez bageneuka buruan, nekosoa eta etsigarria litzateke bizitza, urtea, aroa… Iaz arte, urtarrileko bigarren astean —gorputza zamatsu eta garuna hustua Eguberrien ondoren—, etapa luze bati ekiteko adina kemen eskaintzen zigun tarteko helmugak bazirela jakite hutsak. Ohartzerako helduko ziren sansebastianak; Santa Ageda gero; ondoren inauteriak; Aste Santua hodeiertzean. Tropeleko txirrindulari guztiek ez dituzte tarteko helmuga guztiak lehiatzen, baina bixigarri dira bai ari denarentzat eta bai begira dagoenarentzat ere.

Aurten ez da ohiko tarteko helmugarik. Bakoitzak zatitu beharko du ibilbidea bere gisara, non sarrera bat jo, noiz atseden hartu. Nire lehen tarteko helmuga: martxoaren 12ko eguerdiko ordu biak. Iaz, eguarte hartan aldatu zen den-dena…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.