andoni egana
HITZ ETZANAK

Aldagela

2021eko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Madrildarra da eta Ignacio Quereda du grazia. 70 urte. Hogeita zazpi urtean emakumeen Espainiako futbol selekzioaren hautatzaile izan da. Duela sei urte utzi zuen kargua.

Orain jakin ditugun kontuek nazka ematen dute. Danae Boronat kazetariak No las llames chicas, llámalas futbolistas (Ez neska deitu; deitu futbolari) liburuan argitaratu ditu. Goi mailako hainbat futbolarik salatu duenez —Irene Paredes eta Ainhoa Tirapu euskaldunak tartean dira— bestelakoak ere esaten zizkien Queredak: «Gizen halakoa!»; «Erdipurdikoa zara»; «Ohitura txarrak eta lesbianismoa nik kenduko dizkizuet!»; «Ar on bat da zuk behar duzuna!». Ipurdian atximur egiten zien. Elastikoak altxarazi. Eta salaketaren bat bazen, kirol ondorioak izango zituela gogorarazten zien.

Ez dakit horrelakoentzat ze zigor aurreikusten duen legediak. Ez dakit Ignacio Quereda bere burua nolabait defendatzen saiatuko den. Ez dakit liburuko salaketez gain beste lekuren batean besterik jarriko dioten. Dakidana da euskarak gaztelerak eskaintzen ez dituen bideak eskaintzen dituela kasu honetan. Oso futbol-hitza baita aldagela. Eta neskak dutxatzen ziren bitartean han egotea gustatzen zitzaion gizatxar hau, bertan bakartuko nuke denbora luzez. Aldagelan. Zeharo aldatu arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.