andoni egana
HITZ ETZANAK

Tentu

2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Ertz asko du pandemiak. Gu, bertsotan, ibili bagabiltza, baina gutxiago eta desberdin. Beti esan izan dugu bertsogintzaren ezaugarrietariko bat igurtzia dela, guk ez dugula kamerinorik erabiltzen gehienetan, entzuleekin egiten dugula saioetarako sarrera-irteera. Igurtzi hori galarazi digu pandemiak.

Urte eta erdiren buruan, sekula uste izango ez nuen zerbaiten falta sumatzen hasi naiz. Figura bat da, poetikotik gutxi duena eta erretorikotik asko: latosoa. Jairik ospatzen ez denetik, etxetik oholtzara eta oholtzatik etxera egiten dugunetik, latosoaren falta sumatzen hasi naiz. Edan ttanttekin poztuta, etorri, bizkarretik heldu, eta bere aitona bertsotan oso ona zela zioen hura; aitonarena zela esanda, Txirritaren bertso ezagun bat erabat birrinduko zuena; belarri ertzera listu-pinportak oparituko zizkizuna, begiak izpi. Asko ikasten zen horretatik ere. Zeure buruaz, besteez, zure buruarengan dauden beste horiez... Gainera, tarteka, tokatzen zen pinportaren bat pitxi.

«Hi haiz hi Europeotzarra» bota zidan behin beste bertsolari batek, gau bakar bat etxetik kanpo pasa eta goizean dutxatu egin nintzela jabetzean. Erdialdeko Amerikako oihanetatik zetorren bera. Orduan grazia egin zidan. Orain, aseptikotasun derrigortu honek kezkatu egiten nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.