andoni egana
HITZ ETZANAK

Autoa

2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Gasolindegi batean gasolina botatzen ari nintzela gertatu zitzaidan, duela hamabosten bat urte. Iritsi zen beste auto bat nirearen parera, irten zen gazte bat, eta bestelako sarrerarik gabe, bat-batean bota zidan: «Hi, Egaña! Hori ez duk txapeldun batentzat kotxea!».

Autoen salmenta azkenaldian zenbateraino murriztu den albiste izan da aspaldiko hilabeteotan. Zerbaiten seinale. Egoera ekonomikoa ez da nahi bezain ona, baina, horrez gainera, saltsa handia sortu da autoen inguruan. Oso zalea ez denarentzat edo oso gainean ez dabilenarentzat, sudoku zail bihurtu da autoarekin nola jokatu erabakitzea. Noiz zahartzat jo zaharra? Zer klasetako berria ekarri? Gasoliozkoa ez. Lehen aholkatzen zutena orain mespretxatua dago. Elektrikoa?Izango al du etorkizun segururik? Berria ekartzea merezi al du? Ez al da hobe bigarren eskuko txukun samarra? Behar al dut autorik? Ez al nintzateke autorik gabe moldatuko? Garraio publikoak ez ditu, ordea, ibilbide eta ordutegi guztiak betetzen...

Sartu nintzen gasolindegira ordaintzera, eta kanporakoan ezin izan nion mihiari zuloan eutsi. Gasolina botatzen ari zen gazteari zuzendu nintzaion autoan sartzearekin batera: «Pentsatu al duk inoiz, igual kotxeari batere kasurik egiten ez diodalako naizela txapeldun?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.