andoni egana
HITZ ETZANAK

Argirik gabea

2022ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Gure ume garaiko Erregetako opari klasikoa izaten zen mundu-bola. Gerra garaian ume izan ziren gurasoek bazuten desio argi bat: gure haurrek izan dezatela guk izan ez genuena. Ogi zuria eta eskola. Eta ezagutza eskaini nahi horretan, mundu-bola bazen opari egiteko moduko zerbait. Handik has zitekeen umea munduari neurria hartzen.

Umeak gustuko izaten zuen opari hura. Ikasteko gogo handirik ez zuenarentzat ere, ikusteko polita zen, kolore urdin argia nagusi. Eta ardatzaren inguruan mugitzen zen biraka. Baina... Entxufatu eta argitzen ziren mundu-bolak heldu ziren handik gutxira. Garestiagoak, jakina. Etxe guztietara irits ez zitezkeenak. Argidun mundu-bola haren inbidiatan umearoa pasatako bat baino gehiago izango da...

Urteak joan ahala galtzen duzu ordea argi soilarekiko lilura. Konturatzen zara erakundeak direla nagusiki argi-zale, bateko kale-hornidura eta besteko laser-izpi ikuskizun erraldoi. Nola hitzik ez duten egiten, argiak ez dira sekula erakundeentzat arrisku izango. Eta jabetzen zara zure umetako zaputzaldiak ez zuela zentzurik. Argirik gabeko mundu-bola aski zela. Gainera, argitzen hasita, herrialde batzuk behar lukete oso argi eta oso ilun besteek. Dena berdin argiturik dagoen mundu-bola ez da mundu, bola baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.