andoni egana
HITZ ETZANAK

Makroak

2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ez dakigu Arthur Schopenhauer idatzitakoaz damutu zen edo ez. Eristick, egilea hil eta lau urtera argitaratu zen, eta horrek zirrikitu bat zabaltzen dio zalantzari. 38 modu aipatzen ditu liburu horretan, eztabaida batean arrazoia lortzeko. Modu narratsak. Eraginkorrak. Azken batean, eztabaida oro baita garai bateko duelo haietako bat. Behin aurkariarekin aurrez aurre zauden unean, liskarra zergatik sortu zen eta arrazoi nork duen da gutxienekoa. Ezpata bizkor mugitzea da axola duen bakarra.

Schopenhauer Twitterren garaietan bizi izan balitz! Anplifikazio deitu zion 38 modu horietako lehenari. Egun, nik idazten badut «Osasunaren jokoa ez dut batere gustuko», aurreiritziek, interesek, futbol-fororen batek eta Twitterrek bat hartu, eta ordu gutxian irits daiteke epaia: «Andoni, Nafarroaren aurka dago».

Alberto Garzon ministroak Espainiako makroetxaldeez The Guardian-i egin zizkion adierazpenekin horrelako zerbait gertatu da. Esan zuenarekin ados ez egotea oso zaila zenez, anplifikatu, eta esan ez zuenari eman diote garrantzia. Sekulakoa sortzeraino. Garai berrien isla, ikusi ahal izan dugu abeltzain bat ministroaren aurkako protestan, dimisioa eskatuz. Mikroen aurrean, makroei buruz ministroak emandako argudio berak errepikatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.