andoni egana
HITZ ETZANAK

Behin

2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Zurginen esaera zen: «Bitan neurtu; behin ebaki». Inoiz hanka sartu duenaren eskarmentua sumatzen zaio esamoldeari. Noizbait behin bakarrik neurtu, ebaketa lanak egin, eta egurrezko pieza luzetxo edo labur antza geratu ondoren, berriz ebaketa lanari heldu beharra ez da samurra, nonbait. Hobe da tentuz jokatu, neurtu birritan egin, eta gero korte bakarraz asmatu.

Ondarroako etxe bat eraberritzen ari zen joan zen larunbatean Zaragozako langile bat. 35 urte zituen. Igeltseroa zen, baina arotza izan balitz ere ez zukeen istripua saihestu ahal izango. Ez zuen arriskurik neurtu, ez behin, ez birritan. Ziurtasun neurririk gabe ari zen, bakarrik, asteburuan, txantxetarakoa ez den lekuan, eta deabruak zorrozten dituen lan-tresnekin. Eta neurririk ezean, ebaki bat aski izan zen bertan gera zedin. Ezinbestekotzat joko zuen, gizajoak, bere lana. Ez dakit presaka ari zen epe batzuk betetze aldera; ez dakit gainetik zeukanak zenbateraino estutu zuen baldintza horietan jardun zezan. Gorpua, bi egun pasatu arte ez zuten aurkitu. Esanguratsua da.

Gure kaleetan bueltaxka bat ematea aski da, zenbat eta zenbat fatxada eraberritzen ari diren jabetzeko. Fatxadak errazago eraberritzen ditugu legeak baino. Eta dauden legeren batzuk betearazten ez badira...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.