andoni egana
HITZ ETZANAK

Berriketan

2022ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Badut adiskide bat, muturra pixka bat berotzean sekulako aldrebeskeriak botatzen dituena. Baina egoki. Aldrebes egokia da, zerbait izatekotan.

Jantzia ere bada, bere erara. Selfiak modan jarri zirenean oso argi zeukan nondik zetorren joera. «Velazquezek dik errua, margolariak. Menina haiekin hasi huen selfiena. Erregeak familiaren koadro bat eskatu zioan. Zer kostatzen zitzaioan margolan arrunt bat egin, eta kobratu eta kito egitea? Ba ez. Azken orduan, isil-isilik, bere burua sartzeko gutizia izan zian. Eta orain horrela gabiltzak, edonon eta edonoiz beti ni bat bistaratu beharrean».

Atzo, zer entzungo, Cebekek Euskalduna jauregian antolaturiko mahai inguruan esandakoei buruz galdetu nion. Josu Jon Imaz, Repsol, Iberdrola, Urkullu lehendakaria, Zedarriak... berdin zitzaizkiola erantzun zidan, pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago izango direla etorkizunean, esaten dutena esaten dutela, pentsatu edo birpentsatu. «Nik badakik gustura zer ikusiko nukeen?», bota zidan isilaldi baten ondotik. «Patronalarteko I. Korroskada Txapelketa». Hain egun egokia ez zeukala pentsatzen hasi nintzen. «Ez dik ezertarako balioko baina, gutxienez, titular txokantea huke. Hiri ezer hoberik bururatzen al zaik?». Ezetz erantzun behar izan nion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.