andoni egana
HITZ ETZANAK

Ekimena

2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Zorte txarra izan zen berea. Zorte txarra baino ez. Hainbestean zihoala iritsi zitzaion 2008. urteko krisia. Eta hondoratu ondoren, berriz ur-azalera irteten ari zen unean heldu zen pandemia. Zorte txarra. Eta langileen gain-gainean ez egotea. Pixka bat gehiago estutu izan balitu... Esan egin behar zaie dena. Dena agindu.

Orain, egunean kafe bakarrerako ematen zion sakelak. Hura hartzen ari zela tabernako egunkarian irakurri zituen Eduardo Jauregi Adegiko Ekintzaileen foroko presidentearen hitzak. Ekimenerako gero eta joera txikiagoa dugula Gipuzkoan. Penagarria dela hori. Balizko porrotak izutzen gaituela. Gurean porrota gaizki ikusia dagoen bezala, anglosaxoien kulturan baliotzat hartzen dela, eskarmentua eransten baitio horrek negozio bat abian jartzen duenari. Bat zetorren erabat. Duela gutxi eskaini zioten jatetxe sastar batean sukaldari-laguntzaile lana. Ez zuen hartu. Jatetxea bera hartzea zerabilkien buruan. Erabat berrituko zuen, bai sukaldea, bai jangela, bai menua, bai langile taldea eta bai... Diru pizarren bat balu!

Ezagunak bazituen, eta diru-mailegu eske Elkargira joatea pentsatzen ari zela lehertu zitzaion eskuetan Caritasen jaso berri zuen elikagaien kartoizko kaxa. Lur zoruan geratu ziren, malko barreiatu, arroz aleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.