Onintza Enbeita.
BIRA

Hondakinak

2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gabon bonbon, Natibitate ase eta bete, San Estebantxu lehengo bestetxu. Horrela laburtzen zituen Gabonak gure amama Klarak. Eta arrazoia ere bazuen: gaur hondakinen kudeaketa hasiko da etxe askotan. Atzo eta herenegun lotsatzeraino tripa bete arren, oraindik ere janaria geldituko zen mahai askotan. Zer egin orain jan ez den horrekin? Hondakinak amaitu arte jaten jarraitu, animaliei eskaini ala bota. Ez da erabaki erraza. Gauza sinplea dirudi, baina asko esaten du guri buruz.

Duela ez hainbeste, gizartea banatu egin zuen hondakinen kudeaketari buruzko eztabaidak. Batzuek zergak ordaintzen zituztela, eta botatzen zuten hori guzti hori bistatik kentzeko eskatzen zioten administrazioari; besteak prest zeuden eurek sortutako hondakinen gainean ardura hartzeko.

Gabonez ari garela, lehen erabaki zuzena mahaira behar dena bakarrik ateratzea izango litzateke. Nola hori oso etxe gutxitan gertatuko zen data hauetan, orain zerbait egin behar da kazolan gelditu denarekin, eta besterik gabe botatzea arduragabekeria handia da. Kudea dezagun zentzu handirik gabe sortu dugun hondakin pila modu produktibo batean, erabili egingo lituzketenengan pentsatuz. Eta gero, egin dezagun ariketa hori sortzen ditugun hondakin guztien gainean. Eta bai, lotsatu egingo gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.