Onintza Enbeita.
BIRA

Alzheimerra

2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Urtarrilak hiru ditu gaur. Mundua ari da 2019an kabitzen. Gure buruak ari dira zortziaren lekuan bederatzia idazten. Urtero bezala, aurten ere, akordatu naiz nola esaten zuen amama Klarak mundua ez dela bi milagarren urtera iritsiko. Eta nola diren gauzak, amama 2001eraino iritsi zen, baina bera ez zen ohartu. Alzheimerra deitzen diote. Mundua, berriz, 2019raino heldu da honezkero eta horretaz kontziente da. Hala ere, ahaztu egin nahi ditugu iraganeko akatsak. Faxismoak ekarri zizkigun kalteen jakitun, faxismo berriak eraikitzen ari gara. Haren kontra dagoen askok ere zenbait diskurtso defendatzen ditu ahapeka. Mendeetan zapalduak izan garenok gure egoera irauli nahi izatea ez dago ondo ikusita: guri egin digutena beste batzuei egitea ez ei dago ondo. Ez da hori, baina, egoera iraultzea esaten dugunean esan nahi duguna. Milaka zuhaitz botatzen ditugu egunero, nahiz eta eskolan umeei irakasten diegun arnasa har dezagun beharrezkoak direla. Plastikoz betetzen ari da itsasoa eta oraindik hamar paketetan bildutako produktuak erosten ditugu. Gure hizkuntzak bizirik irauteko izan dituen zailtasunak badakizkigu, baina beste hizkuntza batean hitz egiten dugu, irakurtzen dugu eta, kasu askotan, bizi gara. Alzheimer kolektiboa, memoria laburra daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.