Onintza Enbeita.
BIRA

Sua

2019ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Eguraldia zoratu egin da. Igogailuan, kafetegian, dentistaren itxaron gelan, liburutegiko sarreran, kafetegian... behin eta berriro entzun dugu esaldi hori azken aste bietan. Entzunaren entzunaz polita ere egiten zait esaldiaren sonoritatea. Kuriosoa da nola ez diogun eguraldiaren zoratzea ezeri lotzen. Badirudi bat batean gertatu den zerbait dela otsail bero hau. Egia esan, ez omen da halakorik gertatzen den lehen aldia; baina hain zuzen ere, egoera errepikatzeak larritu behar gintuzke. Abuztua usaindu ere egiten ez dugun sasoi honetan, mendiak sutan daude, eta hego haizeak nahi duen moduan barreiatzen ditu garrak. Izugarria da: oraindik martxoa baino ez da. Eta bero egiten du. Eta bostehun hektareatik gora erre dira Euskal Herrian. Eta ez da normala.

Zail egiten zait pentsatzea zerk eraman dezakeen inor basoari nahita su ematera. Ez dezagun, hala ere, geure burua engaina: hori lehen pausoa da. Hortik aurrera suak bide erraza du: pinua eta eukaliptoa. Baina ez ditugu arazoak lotzen: banaka ikusten ditugu. Erregai fosilak, basoak, nekazaritza eredua ez dira lehentasunak ia inorentzat.

Eguraldia zoratu egin dugu, eta otsailak su hartu du. Bitartean, benetako zoro batzuk ikusi ditut telebistan klima aldaketa asmakeria hutsa dela esaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.