Onintza Enbeita.
BIRA

Identitatea

2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Sekula ez zidan egun on bat edo agur bat eskaini. Dena esaten zuen gaztelaniaz. Brometan ere ez zuen euskarazko hitzik esaten: kortesiazko espresiorik ere ez. Behin aurpegira bota nion bere jarrera, eta sutan jarri zen. Berdin zitzaidan, ze ordurako nahikoa su irentsita nengoen. Bat nazkatu egiten da gracias, buenos días eta adiós-ak jaten. Ni ez omen nintzen inor berari euskalduna den edo ez esateko: bera vascoa omen da. Ez daukat dudarik, esan nion, «horixe zara zu, vascoa, baina euskalduna ez». Bere abizen guztiak esan zizkidan lehenengotik zortzigarrenera eta handik berriro lehenengora (umetan musika notak esaten genituen legez). Nortasun Agirian ch-ak eta v-ak baino ez ditu, hala ere.

San Mamesera joaten dela gaineratu zidan; igandero. Eta ni, neure burua euskalduntzat duen «pureta» izanda, ez naizela gai bertoko kirolariak animatzeko. Ezin dut errepikatu jarri nion aurpegia. Banekien alferrik ari nintzela, baina ordurako ezin nion barruari eutsi. Bere buruaren karikatura bat baino ez zela esan nion; 8 apellidos vascos-en figurante bat. Film hori gustatzen ez zaion bakarra omen naiz, ez omen dut umorerik.

Euskaraz eraikitzen ari garen mundua aldarrikatzen badugu, puretak gara; ordea, gutaz gaztelaniaz eraiki duten karikaturari barre egin behar diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.