Onintza Enbeita.
BIRA

Hilak

2019ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herriak denetarik dauka; baita hilak ere. Hilak pilatu egin dizkigu historiak. Sinisten ditugun gauzarik gehienek hildakoren bat gordetzen dute, edo asko; hildako asko. Eta, hala ere, kosta egiten zaigu haiengana lotzen gaituen bidea eraikitzea. Buruz ederto arrazoitzen ditugu joateak eta etorrerak, baina, gero, emozioez ari garenean, beste herrialde askoren antza dugu: badirudi heriotza ez dela gure bizitzaren parte.

Pena ematen dit. Pena ematen dit hilerrira santu guztien egunean joateak. Muxikako hilerrian edo Ibarrurikoan utzi nituenak ez ziren sekula santuak izan, eta nik asko maite nituen. Itsasoan arnasa hartzea erabaki zuten lagunak ez ziren santuak, eta nik asko maite nituen. Mendian atseden hartzea eskatu zutenak ez ziren santuak, eta nik maite nituen. Bizitzeko motibo batzuk konpartitzen nituen haiekin, eta orain nahi nuke haiek ere zerbaiten motibo izan dakizkidan.

Ez naiz mundua Halloweenizatzeaz ari, baina asmatu beharko dugu hildakoekin bizitzeko modu bat. Ez du zertan izan orain arte ikusi dugun zerbait: asma dezakegu modu berria. Edo berrasmatu. Baina ahal dugunik eta arinen. Agurretarako bertso eta aurreskuak amaitzen ari zaizkigu: merezi duten adinako zerbait eskaini behar diegu gure hilei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.