Onintza Enbeita.
BIRA

Greba

2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ez dakit zer gertatuko zatekeen medikuek eta erizainek greba egin izan balute. Arrazoiak bazituztela argi daukat: beharrezko materialik gabe egin zuten lan, mundu guztia shock egoeran zegoen bitartean. Edozelan ere, ez zait iruditzen derrigor alderatu behar denik haien egoera irakasleek greba egiteko hartutako erabakiarekin. Gure agintariek hilabete luzeak izan dituzte umeak eskolara segurtasunez itzul daitezen antolatu beharrekoa antolatzeko, etaez dute egin. Eskola bakoitzak ahal izan duena egin du.

Litekeena da, hainbestetan iragarri diguten bigarren olatua datorrenean, ospitaleak COVID-19az betetzen direnean, Osakidetza berdin egotea. Hau da, hilabete hauetan guztietan bigarren olatua badatorrela esan digutenek hari erantzuteko ezer egin ez izana. Eta orduan osasun langileek, ospitaleetako garbitzaileek... grebara joatea erabakiko balute, herritarrok ulertu egin beharko genuke egoera.

Irakasleek asmatu dute errua gurasoei bota beharrean, erabakiak hartu behar dituen jende hori ataka estuan jartzen. Ospitaleetako langileek ere asmatu beharko lukete erru guztia maskararik gabe dabiltzanei bota barik, erabakiak hartu behar dituztenei kontuak eskatzen. Eta beste guztiok ulertu beharko genuke, shock garaiotan ere, gure eskubideak defendatzeko aukera badaukagula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.