Onintza Enbeita.
BIRA

Gabonak

2020ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Gabonetako lehen etapa joan da. Egun batzuetan atzo eta herenegungo hondakinak jaten ibiliko gara, eta gero, berriro ere beteko ditugu mahaiak janariz eta edariz. Izugarria da hemisferioaren alde honetan bizi garenon ase ezina: ezin izango dugula amaitu jakinda ere, janaria ateratzen jarraitzen dugu mahaira. Leher egin arte eragiten diogu ahoari, urte guztiko antsietatea egun bakarrean irenstea posible izango bagenu bezala. Urte guztia ematen dugu gure ideologia lau haizeetara zabaltzen, besteak zenbat inporta zaizkigun esplikatzen, elkartasuna balio bezala aldarrikatzen… baina gero, gurasoak oraindik bizi zaizkigulako, amamari disgusturik ez ematearren, urtean behin ez duelako kalterik egiten edo beste biziorik ez omen dugulako, herri osoa asetzeko adina jaten dugu ahokada batean.

Apenas dakigun solstizioaz ezer, eta Gabonek erlijio kutsu nabarmena daukate, guk kendu egiten diegun arren. Eztabaida luzea da zer jai ospatu behar ditugun eta zeintzuk ez. Izan ere, igandeak jai izatea baino gauza kristauagorik ez dago. Hala ere, nola ospatu pentsatu egin beharko genuke. Ez dakit nik, baina gure ingurua nola aldatzen ari den ikusita, ondo legoke gure etxeko intimitatean oka egin arte jan beharrean gauzak beste modu batera banatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.