Onintza Enbeita.
BIRA

Gailurrak

2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Ez dakit zergatik, baina euskaldun askok tontorren batera igota hasiko dute urtea. Askok ikusiko dute han goitik urteko lehen egunsentia eta brindisa egingo dute lagunekin. Duela ez hainbeste, gora igoz gero mendiak deitu egingo zidala esaten zidatenei sinetsi egiten nien. Urteberri egunez egin nuen nire saiakera, Gorbeian. Ez dut esango gaizki pasatu nuenik edo gustura ibili ez nintzenik, baina urteko lehen egunsentiak izarapean harrapatzen banau, ez da ezer gertatuko.

Ez dakit zer gertatzen zaigun gailurrekin. Zenbatu egiten ditugu, eta badaude derrigor igo behar omen diren batzuk. Nik esaten dut mendira joatea ez dela bereziki maite dudan zerbait eta arraro begiratzen didate. Orduan, Gorbeian adibidez, egonda nagoela esaten dut, eta Urbiara ere igo izan naizela pare bat aldiz; jendea lasaitu egiten da. Zaletasunik ez izan arren, konplitu behintzat egiten dudala pentsatuko balute bezala.

Ez dakit ze xarma duen gailurrak jendearentzat, baina bideak gauza ederrak ditu beti. Loreak ez badira pagoak, pagoak ez badira otea, otea ez bada belarra, belarra ez bada behor taldea, behorrak ez badira basurdeak, basurdeak ez badira beste edozer. Gailurra bezain garrantzitsua da bidea, bai bizitzan eta bai mendian. Eta bideak ez du zertan aldapa gora amaitu behar beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.