Onintza Enbeita.
BIRA

Mototsa

2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Ez dut nik Pablo Iglesias defendatzeko beharrik sentitzen, baina kuriosoa egin zait mototsa moztu duelako sortu den zalapartak. Emakumeok askotan salatu dugu, eztabaida politikoan sartu izan garenean, gure fisikoari eraso egin diotela arrazoietan ez sartzearren. Izan ere, politikan sartzen den emakumeari ez zaio onartzen irribarre egitea ez den beste ezer.

Politika asko narrastu da. Gaur egun ez da debate ideologikorik izaten instituzioetan. Halako edo bestelako legeak eztabaidatzen direnean bakoitza bere ideien arabera kokatzen da, baina sakoneko debateak gutxi dira. Ez dakit eskuin muturra ez ote den bere benetako ideologia txikitzailea lasai azaltzen duen bakarra. Besteek badituzte espazioak eztabaidarako, baina instituzioen barruan, ez dago halakorik. Eta norbaitek diskurtso ofiziala kolokan jartzen duenean, egungo politikari asko ez daude prest eztabaidarako. Zenbat politikarik asmatuko lukete eskuina eta ezkerra defendatzen debate sakon batean?

Bai, politika narrastu egin da. Orduan, generoagatik gu baino gutxiago dela iruditzen zaigunari burla egiten diogu, eta diskurtsiboki, teorian gutxienez, gu baino jantziago dagoenari, mototsera begiratzen diogu. Eskuin esku-zuriarentzat askoz errazagoa da hori, eragiten duen miseriaz hausnartzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.