Onintza Enbeita.
BIRA

Ondo lo egin

2021eko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Azken astea gogorra izan da. Gizon batek bereak ere baziren umeakhil ditu haien amari bizitza izorratzearren. Ez da hemen gertatu, baina mugez gaindiko kasua izan da. Irensteko gutxi ez, eta Euskal Herrian bertan, Senperen gizon bat atxilotu dute, Akitaniako herri batean bere bikotekidea hil berri duelako. Izurritea pasatu ahala, gehitu egingo ei dira indarkeria matxista kasuak. Negarra atera zait. Izurriteak ez du ezer gutxitu, estali baino. Izan ere, etxean egon garen denboran eta kalera ateratzeko orduak mugatuta izan ditugun bitartean, gauza asko gorde ditugu etxeko atearen ostean. Indarkeria ez da desagertu; ezta matxistak ere. Geu kalera gehiago atera ahala, gure miseria ere ateratzen hasiko da, baina egotez hor egon da beti. Edo ez zen lehenago ere horrela gertatzen? Etxeko sua etxeko hautsak estali behar zuela esaten ziguten garaian ere emakumeak jipoitu egiten ziren baserrietan. Ez guztietan, jakina; baina batean baino gehiagotan. Etxeko hormak zeharkatzeko aukera eman digutenean hasi gara kontatzen han barruan zer gertatzen den, hasi gara ulertzen han barruan gertatzen dena kanpoan eraikitako sistemaren ondorioa baino ez dela. Eta orain ere antzera batean: barruan egon garen bitartean, gaitz erdi. Munduak badaki indarkeria matxista hor dagoela, baina ikusten ez duen bitartean hobeto lo egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.