Onintza Enbeita.
BIRA

50 segundo

2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Berrogeita hamar segundoko bilera egin ei dute Jon Biden eta Pedro Sanchezek. Pentsatzekoa da ez dutela gauza askori buruz hitz egiteko astirik izan. 50 segundo ez dira minutu bat ere: minutua baino hamar segundo gutxiago dira, hain zuzen ere. Antzezpen hutsa izango zela bururatu zait, baina Euskadi Irratian 50 segundotan prestatzeko moduko platerak azaldu dituzte sukaldari bik. Azalpenak ere 50 segundotan kabitu zaizkie, eta kazetariak, Euskal Autonomia Erkidegoaren azken berrogei urteetako laburpena, programaren hasiera eta Linguae Vasconum Primitiae-ren hasiera eta amaiera irakurri ditu minutu bat baino hamar segundo gutxiagotan. Orduan, klaseko azken minutuak oparitzen ez zizkiguten irakasleez gogoratu naiz: estu hartzen zuten denbora, baita minutu bian gai berria aurkeztu behar bazuten ere. Izugarriak iruditzen zitzaizkigun: astunak eta gogorrak. Gerora, ordea, gure maitearekin konpartitzeko segundoak lapurtu genizkien gurasoei, bizitzari, lagunei, lanari edo dena delakori eta denboraren garrantzia ulertu genuen. Segundo bakoitza da joandako aldia.

50 segundotan munduaren martxa aldatzea ezinezkoa izango da akaso, baina Bidenek eta Sanchezek, hiru orduko bilera eginda ere, ez lukete ezer konponduko betikoei partxe batzuk jartzetik aparte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.