Onintza Enbeita.
BIRA

Urtea

2023ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Aste guztia darama amamak umeari kantatzen: «Kandelerio lerio, hatxari ura dario, errotieri urune, Kandelerio egune!». Umeak egunero zuzentzen dio: «Kandelerio lerio, hatxari ura dario, sagarri madari, eutsi Peru adarrari!». Ezin dute elkar konbentzitu; batez ere, amamak ezin dio andereñoaren bertsioari irabazi. Urteroko gerra da. Bihar, ordea, kandelak itzalita, inauteriak hasiko dira elkarrizketak eta menuak betetzen. Amamak ez daki inauteriei buruzko kanturik, baina ahizko opilak egiten ditu: munduan onenetakoak. Mozorroak gordetzen ditugunean, Aste Santuko oporretarako planak egiten hasiko da umea eta gero bere urtebetetzea nolakoa izatea nahi duen esplikatuko digu etengabe hilabete luze bitan, eta ondoren udako oporretarako leku aproposak seinalatuko ditu erakusleihoetan, eta irailean andereño berriari kontatuko dizkio udan egindakoak. Gero, erritmo mantsoagoan, Arimen Gaueko antzerkian parte hartuko duela azalduko dio munduari, eta Olentzero eta Mari Domingiri zein ona izan den idatziko die. Eta, hortik laster, «hatxari ura dario» berriz ere.

Urtea liburua balitz, guztionak izango lituzke urtero errepikatzen diren kapituluak; denbora garrantzitsuak zaizkigun gauzen arabera banatzen dugula (edo banatu behar genukeela) gogorarazten digutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.