Ane Labaka Mayoz.
AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Sargori

2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Harrigarria egin zait gaur eguerdian nire etxe azpira iritsi orduko aparkatzeko lekua topatzea. Ab(h)ustua da, nonbait. Okupatzeko errazena iruditu zaidan hutsunea hautatu dut nahita, estrategikoki, inork—normalean kalean zehar igande pausoz ibiltzen diren adineko gizonezkoekin pasa izan zait— nire maniobra guztiak autoaren kanpoaldetik besoaz gidatzeko plazerik izan ez dezan.

Atzera-aurrera nenbilela, irratiaren frekuentziek ohartarazi didate abuztu hasierak aurtengo lehenengo udako bero bolada ekarri digula berarekin. Osakidetzak emandako aholkuak zerrendatu dituzte jarraian esatariek; ohi baino likido gehiago edatea, otordu arinak egitea, arropa eta oinetako freskoak janztea, itzaletan ahalik eta denbora gehien igarotzea eta dutxa edo bainu hotzak hartzea. Formula magiko eta originalegirik ez, beraz.

Ziur adituak ez garenoi askoz plan freskagarriagoak bururatuko zaizkigula, azala zimurtu arte ur jauzi baten azpian egotea, adibidez, edo, bigarren aukera bezala, eguneko ordu itogarrienak gure etxeetako portaletan igarotzea, bizilagunen eskailerapeko batzar eternoetan galdu ez dugun denbora errekuperatu nahian.

Sargori joan da eguna eta gaua da orain. Ohekiderik gabe lo egitea komeni den gau horietako bat. Biluzik. Biluzik eta bakarrik. Biluzik, bakarrik eta leihoak zabalduta. Egunean zehar kristalezkoa zen airea, edozein unetan apurtu zitekeela zirudien, eta orain ere logelako pertsianen zirrikituetatik apenas sartzen den larruazalean kilima sotilak eragiteko adinako haize ufadarik.

Bero-sapa izugarria egiten du. Insomnioarekin batera dabil jolasean nire maindireen artean, korapilatuta. Betitik izan dira maitale konprometituak, fideletan fidelenak. Egunean zehar bizirautea lortu duen intsekturen bat edo beste ere batu zaie festara. Aukeratzerik balego, hozkailuekin egin nahiko nuke gaur amets. Igluekin eta sudurra sudurraren aurka igurtziz elkarri musu ematen dioten inuitekin, bestela.

Aukeratzerik balego, bi aldiz pentsatu gabe debekatuko nuke uda beteko egunetan hizketaldiro tenperatura altuei buruz hitz egitea. Elkarrizketa hotzenetan ere presente egon delako gaur beroa, trendingtopic-a izan delako, igogailu barruetatik hasi eta farmazia nahiz banketxetako ilaretaraino.

Izotzari hozka egiteko gogoa sentitu dut nik ere parekoak hitz madarikatu hori ahoskatu duen aldiro, eta zer pentsatua eman dit jendearen erredundantziak. Kontrara, badirelako inork inoiz ahoskatzen ez dituen hitzak, terminoak, kontzeptuak. Tabuak. Ezpain itxien muga zeharkatzearekin bat jendea izoztuta uzten duten gaiak, masailak gorriarazten dituztenak, normaltasunaren hiztegietan lekurik ez dutenak.

Hiztegiak jendartearen isla direlako sutzen naiz tarteka, esandakoek eta, batez ere, esan gabe utzitakoek errealitateak sortu eta birsortzen dituztelako. Hitzen indarraz jabetuta, baretu ezinezko beroaldiak izaten ditut nahi baino gehiagotan.

Gaur beroa izan da mundu guztiaren hizketagaia, nonahi, eta nik adineko lau emakume entzun ditut menopausiari buruz hizketan arrandegian, naturaltasunez, abanikoak astindu bitartean. Irribarre konplize batekin eskertu diet euren originaltasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.