andoni egana
HITZ ETZANAK

Franco?

2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Autodefentsa mekanismoak zer diren inork baino hobeto erakusten digute. Batik bat hasierako fasean. Akordatzen dira gauzak ahaztu egiten zaizkiela, eta bere burua ongi bai ongi prestatzen dute inork antzeman ez diezaien. «Non bizi naizen? Hik ondo baino hobeto dakin non bizi naizen! Betiko tokian! Non biziko naun, ba!». Zer edo zer antzemanda galdezka hasten direnek gisa horretako erantzunak jaso ohi dituzte, ez kale-izen, ez zenbaki. Azken batean, bizitzan, zaharxeago edo gaztexeago, guztiok erabiltzen dugun jokabidea...

«Franco? Ez. Ez dut ezagutzen. Hori ez zen sekula gure etxera etorri». Hala erantzun zion aitona batek bere ezina neurtzen ari zitzaion medikuari. Gero, kontsultatik irteeran, irribarrez eta harro aitortu zion errainari: «Horixe akordatzen naizela Franco zein zen! Baina, badaezpada ezetz erantzun diot. Jakizu ze sokatakoa den medikua bera! Ondo ez-ta?».

Alzheimerra izan zen atzo nonnahi aipagai. Terapia modu berrietarako, ikerkuntzarako, elkartasunerako, terneziarako... eta umorerako —beltzenerako ere—ematen duen gaitza. «Zer moduz zuen izeba hura?» galdetu zioten urteetan ezertarako gauza ez zen izeba oso zaharra etxean zeukan pertsona edadetu bati. «Hantxe, motel, hiltzea ahaztuta!» Eta goxo zaintzen zuen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.