Onintza Enbeita.
BIRA

Tortura

2018ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Irail gordina izan zen laurogeita hamahirukoa. Egun gutxiren buruan euskal herritar bi hil ziren poliziaren eskuetan. Kasualitate hutsez: bihotzekoak jota bata, eta leihotik salto eginda bestea. Etxean entzuna nuen zerbait torturari buruz. Azaldu zidaten nola, orduan leihotik salto egin zuenaren moduan, beste batek Bidasora salto egin zuela. Dena gezurra zela. Horrelakoak asmatzen zituela poliziak bere burua zuritzeko, baina benetan, komisaldegi barruan gertatzen ziren gauzak oso latzak zirela.

Hogeita bost urte pasatu dira, baina ez dut ikusten ordukoaren oihartzun handirik. Betiko medioetatik kanpo, inon ez dute Iantziz edo Galparsoroz hitz egin. Ez dut politikaririk entzun poliziari eskatuz, orduan gertatutakoak ikertzen lagundu egin behar duela. Inork ez dio ezer Iantziri antibiotikoak eman zizkion auzitegi mediku hartaz.

Hogeita bost urte pasatu dira, eta tortura tabu handia da oraindik. Entzun besterik ez dago Ertzaintzak ere halakoak egin dituela esaten dugunok zein erantzun jasotzen dugun. Ezin ditut ukazioa eta isiltasuna jasan. Tortura gertatu egin da, gertarazi egin dute, eta horretaz ere hitz egin behar da. Memoria ez da gertatutakoak gogoratzea bakarrik: memoriak egia behar du. Ahanztura ez da memoria hutsez gainditzen, egiarekin baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.