andoni egana
HITZ ETZANAK

Linboan

2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Lehen ere sartzen zuen pertsonak hanka, baina ateratzeko modua eskurago izaten zuen. Kamioilari maiteminduak ipini ditu emaztearen eta alabaren izenak kamioi berriaren biseran handi eta eder. Itsutasuna segur aski eta prebisio falta seguru. Handik gutxira bizimoduarekin batera bisera ere aldatu egin beharko du hausturak mina gogora ekar ez diezaion.

Egunotan Gillian Brockellen berri izan dugu. Haurdun zegoen bitartean askotan jotzen zuen Internetera, haurdunaldiari buruzko gauzak irakurri, haurtxoarentzako arropak erosi edo sare sozialetan bere egunerokoa azaltzera. Baina, esperoan zegoela, zortzigarren hilabetera etorrita, haurra hil egin zitzaion. Zinez bai, baina ez birtualki. Linboa laino da orain. Facebookek, Amazonek eta Googlek ama izan behar zuenaren zauriari hatza sartzen segitu zuten puska batean, harik eta honek aski zela jakitera eman zien arte, haurdun zegoela konturatzeko bezain azkarrak baziren, haurra galdu egin zuela detektatzeko ere erne egon beharko zuketela adieraziz.

Bisera aldatzea erraza zen; lokietako ziztadak baretzea da zaila. Konplikatu egin dugu bizimodua. «Asko maite duenak asko sufritzen du» esaten zen lehen. «Asko bilatzen duenak asko erakusten du»-k izan behar luke egungo goiburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.