andoni egana
HITZ ETZANAK

Bidasoa

2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Funtsezkoena lasai hartzea zela esaten nien. Ez urduritzeko. Izuak harrapatuz gero haienak egin zuela. Esaten nien batak bestearen atzetik joan behar genuela, tarte egokia zainduz. Gizonezko eta emakumezkoek berdintsu erantzun zuten. Adinekoek sortzen zituzten arazoak. Saiatzen nintzen berrogei urtetik gorakoen ardurarik ez hartzen».

Mugalari lanetan ibili zeneko kontuak dira horiek, Frantziatik Espainiara eta Espainiatik Frantziara, askotan Bidasoa igerian zeharkatuz. Ordurako bizitza bete-betea ezagutua zen. Nafarroan jaio arren, Jaurrietan, Irunera jo zuen gaztetan. Handik, ihesean, Poitiersera eta Bartzelonara gerra zibil garaian. Gero, soldadutzatik hanka egin, eta Frantziara egin zuen. Han, Paris inguruko Rothschild gazteluan, Euskal Gobernu atzerriratuak hauspoturik, goi mailako entrenamendu militarra jaso zuen beste euskaldun batzuekin batera, eta Gernika Batailoiko partaide zen Bordele inguruetan naziak menpean hartu zituztenean. Bigarren Mundu Gerra amaitzear zen…

Jorge Oteitza ibili omen zen haren datuak biltzen film bat egiteko asmotan. Aste honetan zendu da Francisco Pérez Luzarreta, Paco. Negarrez etorriko zen Bidasoa. Eta esanguratsua da: 96 urterekin joan da, berrogeitik aurrera ere bizialdi oso-oso bat eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.