Zorionaren Nazioarteko eguna gaur (inoiz zalantza sor daiteke Langileen Nazioarteko eguna ala Nazioarteko Langileen eguna idatzi, baina burutik pasa ere egingo ez zaiguna da Nazioarteko Zorionaren eguna ospatzea, herrialdeak elkarri mokokada etengabean dabiltzan honetan).
Atentzioa ematen du edozeri egun bat eskaintzera ohituak egon arren hain kontzeptu zabalari ere eskaini behar honek. «Zoriontsu izan daitezela» erantzungo dizu egungo edozein gurasok seme-alaben etorkizunerako zer desio duen galdera eginez gero. Mant(r)a bihurtu da zoriona, gabezia asko ezkutatzen dakiena. Zorionak ez du harreman onegirik adimenarekin; adinarekin ere ez. Behin entzun nuen haurrak zoriontsu direla, haur diren artean garunean artxibategi bat falta zaielako «oker irten daitezkeen gauza guztiak» dioena; memoria onarekin haserretuta dabil beti zoriona eta artearekin ez du harremanik, erakusteko moduko orbainarik ere utzi gabe joaten baita…
Zorionak, atleta balitz, ezin izango luke hirukoitz jauzien lehian parte hartu, beti urrats bat eginda geratzen da eta. Luzera jauzian ez luke marka onik egingo. Eta altuera jauzian, berriz, langa oso behean jarrita baino ez luke apur bat luzituko. Baldarripurdi horri egun bat eskaintzea ere!
HITZ ETZANAK
Zoriona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu