HITZ ETZANAK

Puzzlea

Andoni Egaña -

2019ko maiatzak 14
Badakizue puzzleak, handi eta zail samarrak badira, nola osatzen diren: ertzetatik hasi, eta pixkana erdigunera ekarriz. Puzzle osatuei begiratzen zaien harrotasunez begiratu diegu Realeko neskei asteburu honetan. Baina puzzlea norberak osatu badu, gogoan izaten du hasiera hartan, osatzeko adinako kemen eta pazientziarik izango ez zuela uste zuenean, ertzetatik nola hasi zen. Kasu honetan, Añorgatik, Oiartzundik, Leioatik, Barañaindik...

Tximinotik gatozela eta futbolera goazela zioen lagun bat ezagutu nuen, ordea, eta, dena futbol izan ez dadin, aitor dezadan asteburuan izan ditudan bi kultur ekitaldietan frogatu izan dudala beste behin ere, kulturgintzan —antolatzen, egiten, ikus-entzuten...— gehiengoa emakumezkoak direla. Bertsotan, oholtzan eta entzuleen artean, emakumezkoak gero eta gehiago badira ere oraindik ez dira gehiengo. Baina literaturarekin eta musika klasikoarekin loturiko emanaldiak ziren asteburu honetako nireak. Eta oholtzatik begirada bat luzatzea aski zen konturatzeko kultur ekitaldietara joaten den jendearen profila zein den.

Gizonezkook badaukagu hor puzzle bat, egiten hasi beharrekoa. Besteek egina miresten ikastea ederra da, baina kaxatik piezak atera, eta ertzak aurkitu eta handik ekitea ere bai.