andoni egana
HITZ ETZANAK

Arropak

2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Zaharrek bai. Zaharrek badute, batzuek, istorio baten oinarri izateko adinako pisua. Aurkituko duzu armairuan alkandora bat aspaldikoa eta gogora etorriko zaizu behin, alkandora harekin aritu zinela kantuan Algortan. Aurkituko duzu kamixeta bat maiztua, eta gai izango zara hura soinean zenuela behin zer gertatu zitzaizun akordatzeko. Aurkituko duzu fular bat galdu-gordean zegoena eta gogoratuko duzu hura lepojiran zenuela behin zer egin zenuen. Baina berriek?

Egiten erraza eta egindako oro saltzen zaila den garaiotan, lengoaia nolanahi bihurritzea zilegi dela dirudi, helburua lortze aldera. Duela gutxi, berak egindako soineko esklusibo sail bat aurkezten ari zela, jostun bati entzun nion honako esaldi hau: «Soineko hauetariko bakoitzak istorio bat kontatzen du». Eta asaldatu egin nintzen. Dena ez da zilegi. Esango didazue ez izateko hain estua hitzekiko, badakidala zer esan nahi zuen, ez erreparatzeko horrelako huskeriei...

Gurean arropek ez dute istoriorik kontatzen belarria pega- pega eginda jarrita ere. Neuk kontatzen ditut. Jostunak soinekoak egite hutsarekin istorioak kontatzen badituzte, zer dira idazleek narrazioak burutzearekin egiten dituztenak, soinekoak? Garestiago saldu behar lituzkete orduan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.