andoni egana
HITZ ETZANAK

Epizenoak

2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Euskararen «aldeko» hemengo erdaldunek argudio xelebreak erabiltzen dituzte euskaraz ez dakitela zuritzeko. Francoren garaia aipatuko dizute eta orduan euskara galarazia egon zela azalduko, nori eta zuri; umetan ikasi ezean euskara hizkuntza zaila dela gerora ikasteko erantsiko dute; gazteleraz guztiok dakigunez zuretzat erdaraz aritzea ez dela hainbesteko ahalegina botako...

Borondate oneko gazteleradun elebakarrek xano-xano pentsatzen dute guztiok gazteleraren jabe garela jaiotzaz, eta horietako batzuek, guk, zortea izan genuela, gainera, sehaskatik edo umetan euskaraz ikastekoa.

Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen azken erabakiek sorturiko hitzen zurrunbiloan, azaldu da bat, memoriaren zokorik gordeenean pega-pega eginda irten ezinean neukana: epizenoa. Gogora etorri zait ikasi genuela umetan zer zen. Izaki bizidun zenbaiten izenek artikulua beti maskulinoa edo beti femeninoa izango dute, izan arrak izan emeak izendatzen dituzunak. Hontzak gazteleraz beti ar esaten dira eta eperrak beti eme. Labirinto sigi-sagatsua, euskaraz baino ez zekien haurrarentzat. Esango eta esan gabe eztarri-zuloan gordetako esaldi asko, barregarri ez geratzearren. Gu ere ez ginen elebidun jaio. Ez gara ahaleginik egin gabe iritsi honaino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.