andoni egana
HITZ ETZANAK

Patata

2019ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Nire zorionak dira» entzutean min hartzen dugu belarrietan. Batzuek behintzat bai. Bai oraindik, behintzat.«Urtebetetze eguna» jo izan dugu zuzentzat. Baina, hara non, egungo bizimoduari begira, urtebetetzeen hori ere ez zaidan zuzen zuzena iruditzen. Ez ditugu bete egiten urteak; hustu egiten ditugu. Oso gaude artaldeko.

Txikiteora ere izendaturiko egunean, pintxo-potearenean, irteteko joera nagusitu zaigu; jendetza noiz, orduantxe gu; etxepean kokatu diguten Erdi Aroko azokako postu batean patatak frijitzen ari dira. Nirekin zetozen lagunei nire arrangura azaldu diet. Gantzak, olioa, kolesterola… aipatu dituzte, eta arrazoia eman didate. Ezetz nik. Historiaz ari nintzela. Erdi Aroa 1492an jotzen dela bukatutzat, Colon Ameriketara iristearekin, eta, beraz, ez dela zilegi Erdi Aroko azoka batean patata saltzea. Beste batzuek 1453an jartzen dutela muga, Gutenbergek inprenta asmatu zuen urtean, eta orduan are eta arrazoi gutxiago lukeela patatarenak. Eta Erdi Arokotik Durangoko azokara joz, durangar bat izan zela, Frai Juan Zumarraga, Ameriketan lehen inprimategia abian…

Hitza ahoan dudala utzita alde egiten didate jendartera, postuko ilaran jartzera. Horiek ez dute inoiz urterik beteko, pentsatu dut nire artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.