Onintza Enbeita.
BIRA

Orain zer?

2019ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Honezkero ez da euskal literaturaren arrastorik geldituko Durangoko Landako Gunean. Dena jasota eta biltegietara eramana izango da. Musikaren oihartzunak ere isilduko ziren dagoeneko: orain zer? Ez dakit nork bere buruari egiteko galdera naturala den Durangoko liburu eta disko azokaren ostean, baina ni kezkatu egiten nau orain datorrenak. Badakit asteburu honetako salmentak esperantza mantentzeko aitzakia bikaina direla. Badakit asko saldu dela, eta saltzen den gehiena irakurri egingo dela sinistu nahi dut. Baina ez dakit; ez dakit urte guztian non gelditzen den gure literatura eta musikarekiko atxikimendu hori.

Eta ez, ez naiz ezkorra. Durangon egiten ditudan orduek baikorra izatera eramaten naute. Idazleak ikusten ditut, eta musikariak, eta irakurri gabeko hainbat liburu zahar eta argitaratu berriak, eta dirua gastatzeak plazera ematen du. Kontsumo konpultsiboak ez nau errudun sentiarazten Durangoko azokan.

Orain, ostera, sartuko naiz ohiko liburu dendetara eta arakatu eta arakatu, eta berriro arakatu, eta, kostata aurkituko ditut euskal musikariak. Eta gomendatuko dizkidaten libururik gehienak euskarara itzuli gabeak izango dira oraindik. Eta halako idazle batek irratian esan duena azaltzerakoan, nor den ere azaldu egin beharko dut. Beraz, orain zer?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.