andoni egana
HITZ ETZANAK

Goitik

2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Hiru-lau aldiz baino ez dut jokatu Egunean behin delako jolas horretan. Norbait hastera zihoan, parean egokituko nintzen eta nire jolasti izaera ezin gobernatuta, laguntzera-edo sartu izan naiz. Bidenabar, esan dezadan poz hartzekoa dela joko horren arrakasta. Gurean eta guretik aritzeak komunitate bat trinkotzeko modua eskaintzen digu.

Espero ez nuen zerbait gertatu izan zait, ordea, parte hartu izan dudan aldi bakan horietan. Euskal Herria, ongi-gaizki, ezagutzen dut. Ezagutu behar nuke behintzat, hainbat urtean bertan bueltaka ibili ondoren. Halere, huts egin izan dut irudietakoa zein herri den asmatzerako garaian. Behetik ezagutzen ditut nik herriak. Non dagoen plaza, non antzokia, non elkarte edo txokoa, non aparkatzeko tokirik samurrena... Eta lehiaketakoak goitik hartutako irudiak dira, satelite bidezkoak. Ikuspegiak izugarri eragiten duela sinestea izaten dut porrotarentzat ukendu...

Gainera, bururatu zait politikari askori antzeko zerbait gertatzen zaiola, baina juxtu alderantziz. Herriaren ikuspegi bat daukate oso goitik hartua. Gero, herri horren gizarte eta kultur ehundurara jaistea tokatzen bazaie, ez dute ezagutuko. Hori bai: batzuk oso iaioak dira betirako aparkamentua aurkitzerako orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.