Hilketa egotzi diote Floyd belaunarekin ito zuen polizia ohiari

Larrialdi egoera ezarri dute AEBetako Minneapolis hirian, eta protestak beste hainbat hiritara zabaldu dira

Saltoki bat sutan, Minneapolis hirian, AEBetan. TANNEN MAURY / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Astelehenean hil zen George Floyd, 46 urterekin, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Minneapolis hirian. Poliziaren arabera, autotik jaisteko agindu ziotenean entzungor egin zuen, eta indarrez atera eta eskuburdinak jarri zizkioten; segurtasun indarren esanetan, «osasun arazoak» zituela zirudien. Aldiz, sareetan zabaldutako irudietan ageri da nola polizietako batek lurrean eusten dion Floydi, nahiz eta hark eskuburdinak jarriak izan, belauna haren lepoan jarriz. Floydek esan zion ezin zuela arnasa hartu, baina hark berdin jarraitu zuen; erietxean hil zen. Han zeuden lau poliziak kaleratu zituzten, baina, egunotako protestek bultzatuta, atzo atxilotu egin zituzten, eta Floydi belauna lepoan jarri zionari hura hiltzea egotzi zioten, Hennepin barrutiko fiskal Mike Freemanek jakinarazi zuenez.

Adierazpen horretan, Freemanek jakinarazi zuen ikerketak bere horretan jarraitzen duela, eta kargu gehiago aurkezteko aukera badagoela. AEBetako hainbat hedabidek adierazi zutenez, polizia horrek eta Floydek elkarrekin egin zuten lan iraganean, eta 17 urte ziren elkar ezagutzen zutela.

Floyden heriotzak haserre handia eragin du AEBetan, eta atzo ere Minneapolisen protestak izan ziren, hirugarren egunez jarraian. Ostegun gauean, ehunka lagun irten ziren kalera, polizia etxea inguratu zuten, eta su eman zioten. Eraikina hustu egin behar izan zuten. Aurretik negar gasa jaurti zieten manifestariei. Lekukoen arabera, inguruko merkataritza guneei ere eraso zieten hainbat lagunek. Minneapolisko alkate Jacob Freyk eskatuta, larrialdi egoera ezarri, eta Guardia Nazionaleko bostehun soldadu baino gehiago bidali zituzten hirira.

Une horretan, gertakari horien berri ematen ari zen CNN katearen kazetari talde oso bat atxilotu zuten, zuzenekoa egiten ari zirela; kameraren aurrean zegoen kazetaria afro-amerikarra da.

Testuinguru horretan, AEBetako presidente Donald Trumpek gogor jo zuen manifestarien aurka, baita Minneapolisko alkatearen kontra ere. Protestan ari zirenak «gaizkileak» zirela esan zuen, eta ez ziotela Poliziaren esku zegoela hildako gazte afro-amerikarraren memoriari «mesederik egiten».

Horrez gain, «buruzagitzarik eza» egotzi zion Frey alkateari, eta indarkeria zabaldu izana alkatetzan «muturreko ezkertiar bat» egotearen ondorio zela adierazi zuen.

Freyk berak agerraldi bat egin zuen atzo goizaldean, istiluen ingurukoak azaltzeko, eta Trumpi erantzun zion inor krisian denean haren aurkako akusazioak egitea zela «ahula» izatea. Bestetik, argitu zuen egoerak okerrera egingo zuelako eman zuela Minneapolisko polizia etxea husteko agindua. «Minduta eta haserretuta dago hiria, eta ulergarria da hori, baina onartezinak dira azken egun eta orduetan ikusi ditugun erasoak. Komunitateak ezin du halakorik onartu».

Protestei erantzunez, AEBetako Ordezkarien Ganberako Justizia Batzordeak —gehiengo demokrata du— Justizia Departamentuari eskatu zion, atzo, iker ditzala afro-amerikarren aurkako Poliziaren gehiegikeriak; Ahmaud Arberyren hilketa ikertzea ere galdegin zuen —tiroz hil zuten—.

Floydena ez da halako lehen heriotza. 2014an, Eric Garner itota hil zuen polizia batek New Yorken, hura atxilotzen ari zela. Homizidiotzat hartu zuten, baina urte hartako abenduan errugabetzat jo zuten polizia. Erabakiak protestak eragin zituen hirian. Martxoan, berriz, Poliziak tiroz hil zuen Breonna Taylor 26 urteko gazte afro-amerikarra, Louisvilleko haren etxean, Kentuckyn.

Eztabaida sare sozialetan

Floyden heriotzak babes eta kritika soka luzea ekarri du sare sozialetan, eta Trump ez da Polizia babestu duen bakarra izan. Mississippiko Petal hiriko alkate Hal Marx errepublikanoak honela idatzi zuen Twitterren: «Ezin duzula arnasa hartu esaten baduzu, arnasa hartzeko gai zarelako esaten duzu. Segur aski, gizon hori gaindosi baten edo bihotzeko baten ondorioz hilko zen. Bideoan ez da ikusten poliziak hari eskuburdinak jartzera derrigortu zituen indarkeria».

Twitterrek ezabatu egin zuen txio hori, hark kritika eta salaketa erauntsia eragin ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.