andoni egana
HITZ ETZANAK

Lurretik

2020ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Arrastoaren atzetik ibiltzea ulertzekoa da. Baina horren aitzakian ez daitezela uxarrean ibili» bota zidan lehengoan euskararen senik galdu ez duen ezagun batek. Birusari buruz ari ginen; hona edo hara joan izan denak egin beharreko probez; joan-etorriak zehazteko sakelakoan erantsi daitezkeen aplikazioez. Azken boladan maizago entzun izan dugun «nazkatuta nago poliziez» baino esaldi osoagoa iruditu zitzaidan.

Eman zidan zer pentsatua. Arrastoa arrasteluaz edo eskuareaz lurrean egiten den marra da berez. Uxarrean, berriz, txerriak eta basurdeak ibiltzen dira, muturra lurrean sartu eta hura irauli-z. Pablo Iglesiasek eztabaida piztu zuen demokrazian «irainak» onar zitezkeela bota zuenean; egoera honek «hausnarketa» sakona eskatzen duela hitzetik hortzera erabiltzen dugu; birusaren aurkako txertoa aski «garatu» gabe dagoela diote dakitenek, «erkin» gabiltzala irtenbideak sumatzerako orduan; debeku «erauntsi» bat datorkigula gainera konturatu gara, eta ez dugula isun «zaparrada» bat besterik merezi, elkartasun balioak «ereiten» asmatzen ez dugun bitartean.

Lurretik arras urrun bizi garela esan ohi digute. Ez da guztiz egia. Mihian daramagu lurra. Bestelako kontua da konturatzen garen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.