andoni egana
HITZ ETZANAK

Liburuak

2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Norberak aspaldi azpimarratutako liburu bat berriz eskuen artean hartzeak lotsa pittinen bat ere ematen du. Biluzte ariketa retroaktiboa da. Hau ona iruditu al zitzaidan? Ez al nengoen honekin ados? Zergatik azpimarratu ote nuen pasarte hau? Garai hartan hitz hau ezezaguna al zitzaidan? Horrelakoa al nintzen ni? Beste norbaitek aspaldi azpimarratutako liburu bat eskuen artean hartzeak ere lotsa sortzen du, zelatan ari zaren sentsazioa. Batik bat azpimarratzailea nor izan zen dakizunean. Pornografia kontsumoko ariketa da. Hau interesatzen al zitzaion honi? Zer zuen ba esaldi horrek, azpimarratzekorik? Ez al zekien hitz horren esanahia? Nola egon zitekeen ados horrekin!

Ze liburu-dendatan erosi zenuen edo ze liburutegitan hartu eta itzultzea ahaztu; pezetatan edo eurotan ordaindu zenuen eta zenbat; liburuaren jabetza zehazteko lehen orrian zure izena jartzeko ohitura zenuen edo ez garai jakin hartan. Pista asko eskaintzen du gordetako liburuak. Horregatik, behin irakurritakoan kalean edo txoko babesturen batean beste norbaitek irakur dezan uztearen ideia hori txalogarria iruditzen zaidan arren, neuk ez dut egingo.

Orendaingo liburutegia txiki-txiki egin du udazkeneko azken haizeteak. Orriak hosto bihurtzen ez badira, ez da hain larria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.