Onintza Enbeita.
BIRA

Azoka

2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Bizitzaren metafora polita da Gernikako azoka. Aste batzuk egin ditut joan gabe, eta atzo konturatu nintzen, gauza guztiek jarraitzen dutebere lekuan. Han aurkitu nituen, azokako postuetan zutunik, estimatzen ditudan baserritarrak: argizarizko panpinak museoan egoten diren moduan, bakoitza bere lekuan, egundo lekutik mugitu ez balira legez. Eta elkarrizketak irailean utzitako lekuan hartu genituen. Irailean hitz egin genuen saldu beharreko indabez, eta abenduan saldutakoez. Eta irailean hitz egiten genuen bildu eta eskegitzen ari ginen piperrez, eta orain kalkulatzen ari gara, zenbat beharko ditugun txorizoak egiteko. Eta itzulerak: azokako gauzarik politena itzultzen diren gauzak dira. Berriro ikusten dira postuetan barraskiloak: Gabonak datozen seinale. Berriro hasi gara porrusaldaren gozoa goraipatzen: hotza hemen dago.

Eguneroko bizitza ere halakoa da. Pena ematen digu maite ditugun gauzetatik edo pertsonengandik aldi baterako urruntzeak, baina itzultzean ohartzen gara hortxe daudela denak, ia-ia utzi genituen leku berean. Eta maite ditugunekin konpartitzeko beti izango dugu zerbait, elkarrizketa bat baino ez bada ere. Eta lasai hartu behar dira joaten diren gauzak, ondo bizita baldin badoaz behintzat. Gainera, askotan, aldi ona itzuli egiten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.