andoni egana
HITZ ETZANAK

Umorez

2021eko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Umoreak ez dezakeela mundua eralda baina ezin eraldatuak sortzen duen minarentzat ukendu ezin hobea dela; umorea galduz gero galdu dugula dena; umoreak ziri behar duela, ez zuri… Halako asko entzun eta esan daiteke herri eta hiri mordoa gorrian sartzen ari den uneotan.

Umoreari ere marra gorriak ezartzen dizkiogu gainera. Duela ehun urte pasatxo Rubén Daríok eta Pío Barojak izandako ika-mika ez genuke orain begi onez epaituko. Rubén Daríok burlaizez bota zuen: «Pío Barojaren eleberriek mami handia dute. Nabaritzen da okina izan zela». Pío Barojak mingots erantzun zion: «Rubén Daríoren luma distiratsua da. Nabaritzen da indioa dela». Nikaraguarraren esana erabat klasistatzat hartuko genuke orain. Donostian jaioarena, guztiz arrazistatzat…

Marra gorri oro gainditzen duten txiste matxisten artean hezi ginen. Parekoaren edozein akatsfisiko edo psikologiko baliatzen genuen ustez umorea egiteko. Orain horrek —zorionez— ez du balio. Umoreak, ukendu izatekotan, geure buruari begiratu behar dio. Joan zen astean ospatu zen Kroketaren Nazioarteko Eguna. Umorea ez datza batek kokreta ahoskatzen duela nabarmentzean. Umorea datza egun hori asmatu, antolatu eta burutzeko gai den espezie baten izaera barregarria azpimarratzean. Horrelakoak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.