Onintza Enbeita.
BIRA

Maitasuna

2021eko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Elkarrengandik urrundu gaituzten honetan, maitasuna sentitzea falta zait. Baditut inguruan maitasuna ematen didaten pertsonak, baina aspaldi ikusi gabeko norbaitekin topo egin eta ukalondoa altxatzean, arima lurrera erortzen zait. Ezin dut horretara ohitu. Aitzitik, maiatzean egin nion zin neure buruari, eta orain ere berresten dut orduan pentsatu nuena, ez dudala horretara ohitu nahi.

Esango didate pandemiak beste hiru urte iraungo duela, baina ez naiz ohituko bizitza guztian muxuak eman dizkidan jendeari ukalondoa jasotzera. Gehiago esango dut: besarkatzeko baimena eskatzen ibili beharrak lekutik ateratzen nau. Badirudi betiko lagunei azterketa pasatu behar diezula besarkada bat emateko: nahi duzu, beldur zara, niri berdin dit, nik nahiago dut ez... Niri berdin dit bakoitzak ze iritzi duen gertatzen ari zaigun guztiaren inguruan, nik lagunak besarkatu egin nahi ditut.

Izan ere, besarkada, muxuak, eskua ematea, bizkarretik heltzea... izan dira maitasuna eta konplizitatea adierazteko irakatsi dizkiguten kodigoak; orain aldatu egin behar omen ditugunak. Ez dut inor maitasuna adierazteko nire moduetara behartuko, baina irakasten dizkidazuen modu berriak izan beharko dute ukalondoa jasotzea baino zerbait goxoagoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.