andoni egana
HITZ ETZANAK

Bila

2021eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Pablo Picassok bota zuen: «Ni ez naiz bila ibiltzen; nik, aurkitu egiten dut». Harroxko esana dirudi. Ahoberokeria. Eta zinez esan zuen ere zalantzan jarriko nuke; artista handia zen, baina. Sinesgarriagoa egiten zait «artelan orok etorritik hamarren bat du eta ekarritik hamarretik bederatzi» zioen esaldi hura. Edo «inspirazioak lanean harrapa zaitzala» zioena. Horiek ere berak esan omen zituen...

Bila ibili gabe aurkitze hori oraintxe bihurtu zaigu inoizko zailen. Bila ibilita ere badugu nahikoa lan ezer aurkitzen. Zientzialariak, txertoaren bila; aztarnariak, harremanen xerka; politikariak, hitzak galbahean nola iragaziko. Eta, halere, urtebeteren buruan, gutxi dakigula esango nuke. Gutxien dakigunon eta gehien dakitenen arteko aldea ez dela behar hainbestekoa, duela urtebete baino handiagoa izango da, baina. Gutxi batzuk salbu —zientzialariak— ez geunden zetorrenerako prestaturik. Gure heziketa dela eta, fedeak mendiak mugi zitzakeela sinistuta geunden. Berandu jabetu ginen —Zaldibarkoarekin— mendiak ere diruak mugitzen dituela.

Egun, «ni ez naiz bila ibiltzen; nik aurkitu egiten dut» esaldia ez dezake birusak baino bota. Umiltasun ikasgai handia pertsonontzat. Baina erne! Hain gara txoroak! Gu gai gara gure umiltasunaz harro azaltzeko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.