andoni egana
HITZ ETZANAK

Hustua

2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Berrogei urte bete direla eta, erreportaje asko argitaratu da otsailaren 23ko Tejeroren kolpeaz. Atentzioa eman dit arratsalde hartan Diputatuen Kongresuan zen diputatu baten esanak: «Ikaratuta geunden hasieran. Ez genekien han bertan emango genuen gaua edo Santiago Bernabeu estadiora eramango gintuzten».

Futbol-estadioaren aipamena izan daiteke orain harrigarri. Garai hartan, ez. 1981a zen. Ez zegoen hain urruti 1973ko iraila. Txileko Santiagoko Estadio Nacional zeritzana ospetsu bihurtu zen ordurako. Futbol-zelairen batzuek arima dutela diote; hark, tripak zituen, eta hesteak. Haietaz baliatu zen Pinochet diktadorea, milaka txiletar atxilotu, torturatu eta erailtzeko. Sobietar Batasunak duintasun ikasgai bat eskaini zuen orduan. 1974ko Alemaniako Futbol Txapelketarako postu bat zegoen jokoan. Txileren aurka jokatzea egokitu zitzaien. Joaneko partidan, kolpetik hamabost egunera, Moskun, hutsean amaitu zuten. Itzulerakoa Santiagoko Estadio Nacionalean jokatu behar zutela jakin zutenean, uko egin zioten lehiari, «odolez zipriztindutako» leku batean ez zutela parte hartuko eta.

Azken urtebete honetan askotan entzun diegu futbol jokalari eta entrenatzaileei: «Futbol-zelai hutsa baino tristeagorik ez da». Makurragoa da hustua...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.