Onintza Enbeita.
BIRA

Bagara

2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Poxpolok «txikiak gara, baina bagara» esanez amaitu zuen Muxikako emanaldietako bat. «Jakina, bagara!», pentsatu nuen. Ikustea besterik ez dago zelako ilusioa transmititu zigun domekan Gure Zirkuak. Baina guri gustatu egiten zaigu gauza onen bila etxetik kanpo ibiltzea. Urrutiko intxaurrak lau baino ez dituela esaten ziguten umetan, baina dena iruditzen zaigu hobea ingelesezko izena badauka edo ez dakit nongo kulturaren bateko txirula bereziren bat jotzen duen norbaitez ari bagara edo halako lekutan egindako suek argitzen badute. Hizkuntza gutxituek ere, liluratu egiten gaituzte urrutiko jendeak hitz egiten digunean. Gureak, ordea, aspertu egiten gaitu. Bestela, esango didazue zergatik errepikatzen dugun etengabe euskara dibertimenduari lotzea falta dela nerabeek euskaraz egin dezaten.

«Jakina, bagara!», pentsatu nuen: txikituak izango gara, baina gauza handiak egiten badakigu. Ederra iruditu zitzaidan zirkua. Akrobatak, malabaristak, kontortsioa, magia, umorea... euskaraz. Bide bazterreko kartelek errealitateaz hitz egin zidaten, hala ere: asteburu honetan Gure Zirkua izango da Muxikan eta Circo Encantado Gernikan. Batek ez du bestea kentzen: umeak bietara joango dira ahal baldin badute, jakina. Kontua da gure lehentasunez asko esaten dutela gure programazioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.