andoni egana
HITZ ETZANAK

Negarrez

2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Boabdil gazteak Granadari azken begiratua bota zion urrutitik. Deserrira zihoan ihes. Entregatu berri zizkien giristinoei hiriko ateetako giltzak. Negarrari eman zion. Eta leiendak dioenez, orduan hurbildu zitzaion ama, Aisha, eta aurpegiratu zion iltzaturik geratu den esaldia: «Egizu negar emakume, ez duzu gizon defendatzen asmatu eta!».

1492a zen. Haurdunaldi bat falta zitzaion Kristobal Koloni Ameriketara iristeko. Marinelaren jatorria oraindik ere dudakoa bada, esaldiaren egiazkotasuna ez da oso segurua izango. Asmazio usaina du. Mendeku kiratsa. Zazpi mendez ustez norberarenak diren lurretan «etsaiek» agindu, eta haiek ihesean bidaltzean sorturiko euforiaren ondorengo esaldia dirudi. Umiliatzeko asmatua.

Zorionez, orain, negar egiteak ez du inor umiliatzen. Eta negarrak ez du jenerorik. Edo baditu bi, hiru, bost... Pertsona adina. Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea, sumatu dugu jendaurrean negarrez. Bistan da aste latzak pasatu dituela Corrugadosen aferaren zurrunbiloak harrapaturik. Sentituko zuen presioa, zama, injustizia, dardara... Ez naiz nor bestek zer sentitu duen asmatzeko. Baina benetan sentitu du. Ez lirateke agintari txarrak, emakume defendatzen asmatu eta gizon negar egiten dakitenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.